“Errealitate asko existitzen dira eta ezin dugu beste alde batera begiratu”

Esparru akademikoaz haratago, gazteengan begirada aktiboa, inklusiboa eta solidarioa sustatu nahi du Donostiako Jesuitinas ikastetxeko Nazioarteko Batxilergoak. Ardatz duen irakasgaia da CAS (Creatividad, Actividad, Servicio hitzen siglak). “Gazteak konszienteki bizi daitezen, pentsamendu eta irizpide kritikoa izan ditzaten, eta gizartean aktiboki jardun dezaten nahi dugu” dio Idoia Altunak, irakasgaiko koordinatzaileak. 

Ikasturteak irauten duen 10 hilabetetan, ikasleak esperientzia eta proiektu desberdinetan murgiltzen dira. Esparru sozial desberdinetan aritzen dira, “bakoitzaren barrena mugitzen duen horretan inplikatzen dira”. Sentsibilizazio lana ezinbestekoa da hasteko. “Ez da besterik gabe egitea, ez da merezimendu kontua. Ingurua ikusteko gaitasuna garatu behar da, arrotzak zaizkigun errealitate horiek behatu, ulertu, nondik datozen ezagutu, aurreiritziak gainditu, eta aktiboki jarduteko gogoa piztu”.

# Gertuko errealitatean eragin nahi da

Mundu mailako gaiak aintzat hartzen dituzten arren, Nazioarteko Batxilergoko ikasleek euren gertuko errealitateetan eragiten dute. “Ekintza txikiak dira, eta ezagueraz egiten ditugu. Ezinbestekoa da gure konfort eremutik ateratzea. Nire inguruan dauden arazoak ulertzeko ikuspuntu zabalagoa dut orain” dio Itzel Padillak, Nazioarteko Batxilergoko ikasleak.

# Esperientzia eta proiektu anitzak dira

“Gure jakin-mina pizten duten gaietan esku hartzen dugu” dio Lucía Olaizola ikasleak. Denetariko proiektuak izaten dira; egun bateko esperientziak zein hilabeteetako proiektuak izan daitezke. Dagoeneko antolatuta dauden egitasmoetan parte hartzen dute edo ikasleek sortutako proiektuak izaten dira. “Iaz, Nazioarteko Emakumearen Egunerako rap aldarrikatzaile bat sortu genuen. Argi genuen emakumearen eskubide berdintasunean asko dugula egiteko, eta behar horri erantzun bat emateko asmoz sortu genuen. Sekulako arrakasta izan zuen!” 

# Ekintzen alderdi etikoa zaintzen da

Ez da soilik egitea. Egiten den horrek dituen ondorio eta eraginetan erreparatu behar da. Hori horrela, ikasleen iazko beste proiektuetako bat bigarren eskuko jostailu bilketa solidarioa izan zen. “Gabonak gerturatu ahala, gure inguruko haurrek jostailu berri asko jasotzen zituztela ikusi genuen, eta dagoeneko etxean zituzten horiek, zahar geratuko zitzaizkiela! Bien bitartean, beste errealitate batzuetan, jostailurik gabe milioika ume bizi zirela pentsatzen genuen” dio June Vázquezek.

“Horregatik, gure gertuko errealitatean erabiltzen ez zen horri bigarren erabilera bat emango geniola erabaki genuen, etxean baztertuta izan beharrean, beste haur batzuen eskuetan edo oinetan hobeto egongo zirela ulertuz. Horregatik antolatu genuen bigarren eskuko jostailu bilketa eta ez lehen eskukoa, gehiegizko kontsumismoa sahieste aldera, eta erabilera jasangarri eta kontziente bat sustatze aldera. Gertuko errealitatetik abiatu, urrutiragokoan eragiteko. Ikusgarria da erabili gabeko zenbat objektu ditugun. Eta egoera bikainean daudenak, gainera!”.



# Norberaren indarguneak eta ahuleziak identifikatzen dira

Gure errealitate erosotik irteteak dakar hori. Aurrez prestatzen diren bizipenak dira. Esperientzia edo proiektu hauek aurretiko lan handia dute. Zertarako eta norentzat egiten duten ulertzea lehen urratsa da. “Boluntario izatea ez da soilik ekintza bat gauzatzea” dio Sol Irulegik: “ekintza horren zergatia ulertu behar da, ekintza horrek zer eta nola eragingo duen jakitea, norentzat izango den lagungarria”. Bat dator bere ikaskide Andrés Pascual: “ongi zer egiten dakidan esan dezaket gaur egun, eta ez soilik zer egiten dudan gaizki. Pentsaezina litzateke hori duela urtebete”

# Jarrera baikorra izan behar da eta pentsaera irekia eduki

“Bolondres aritzeko nahia izan behar duzu, ezin da betebehar bat izan” dio June Vazquezek. Astero-astero aritzen dira Nazioarteko Batxilergoko ikasleak euren esperientzia eta proiektuetan. “Enpatiazko ekintza bat da. Errealite desberdinak existitzen dira eta ezin dugu beste alde batera begiratu”. ”Zuk nahi duzulako egiten duzu eta hain justu, horrek zure nortasuna garatzen laguntzen dizu” dio Priscila Contrerasek.

Paula Bagüések eraldaketa nabarmena antzematen du bere buruarengan: “Goyeneche Fundazioko erabiltzaileekin elkarbanatzen dudan tarteek nire begirada aldatu dute. Aurreiritzi asko desegin ditut eta izugarri irakasten ari didate. Gauzei buelta gehiegi ematen dizkiegu. Bizitza guk egiten duguna baino sinpleagoa da, eta hori, haiei esker ikasten ari naiz”.

“Sarritan konpasioz edo tristuraz begiratzen diogu zoriontsua den pertsonari. Egoera ulertzen ikasi behar dugu. Nondik eta zergatik begiratzen dugun ulertu” dio Oihana Arruek. 

 

Norberaren bizitzari zentzua ematen dio bolondres aritzeak, bizi-filosofia dela esan liteke. Gure egunerokotasunean uztartu daitekeen keinua. Donostiako Jesuitinas ikastetxeko ikasleak ari dira gazte-gaztetatik bizi-ohitura, bizi-estilo bihurtzen. Haiek dira oraina eta geroa, eta haiei dagokie nola bizi nahi duten erabakitzea.

Prentsak ere azpimarratu du gure eskolaren eginkizuna:
https://irutxulo.hitza.eus/2022/12/01/jesuitinaseko-ikasleak-boluntariotzan-murgilduta/ 

Idatzi zure iruzkina

*-arekin seinalatutako eremuak derrigorrezkoak dira

Ziurtagiriak

En el Colegio Jesuitinas Donostia Ikastetxea utilizamos cookies propias y de terceros para asegurarnos que todo funciona correctamente. Para más información visita nuestra política de cookies. Puedes aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o personalizar tu elección haciendo clic en CONFIGURAR O RECHAZAR SU USO.